Geografia
Ergoienako ibarra kokaleku txikiez osaturik dago. Udala hiru herrik osatzen dute: Lizarraga (burua), Dorrao eta Unanu. Sakana izenaz ezagutzen den ipar-mendebaldeko eskualdekoa da Ergoiena eta Aranatz lurralde historikoaren hegoaldean dago, Arakil eta Burunda haranen artean. Iruñeko merindadean dago, 44,5 kilometrora dagoen Iruñea hiriburuaren epaitegi-barrutian. Udalerria (42,1 kilometro koadro) bi zatitan banatzen da: hegoaldeko zatia eta beheko basoa. Hegoaldeko zatian hiru herriak daude eta Arbizu (NW), Uharte Arakil (NE), Andia (NE eta SE), Urbasa (SW) eta Etxarri Aranatz (W) ditu mugakide. Beste zatia, Beheko Basoa izenaz ezagutzen dena, Puttarritik (1.295 metro) eta Aralarko hegoaldeko hegaletik (N) Arakil ibaiaren inguruetara zabaltzen da (S), Arbizu (S) eta Etxarri Aranaz (W) udalerrien alboan. Andia mendiaren ipar-mendebaldeko muturrean zabaldutako beheragune sakon bat da ibarra. Ipar-mendebaldean Satrustegiko mendia dago eta ibarraren bukaeran Beriain mendia dugu (1.494 metro). Hegoaldean, berriz, Andia-Urbasa mendien ipar-bazterreko labarra dago. Leziza ibaiak ekialdetik ipar-mendebaldera zeharkatzen du ibarra, Arakil ibaian ibairatu arte, Arbizuko jurisdikzioan. Klima ozeanikoa da eta, ondorioz, euri zaparradak ugariak eta ohikoak izaten dira. Basoak ugariak dira (3.436 hektarea)eta bertan pagadiak eta hariztiak dira nagusi. Gainerako lurretan soro eta belardiak daude, behi eta latxa arrazako ardien bazkaleku.
|